Partehartzearen onurak

Zer eskaintzen du partehartzeak enpresetan? Jarraian ikusiko dugun bezala, makina bat onura!

LANGILEEN PARTE HARTZEAK GIZARTEARI ETA LURRALDEARI DAKARZKIEN ONURAK

Lehendik ere aipatu denez, gizarteak ere nabaritzen ditu langileak partaide dituzten enpresen emaitza positiboak. Jarraian, langileen parte hartzeak gizarteari eta enpresa dagoen lurraldeari dakarzkien onurez mintzatuko gara.
  • Egoera ekonomiko zailetan bizirik irauteko aukera handiagoak dituzte enpresek baldin eta haien jabetza langileen esku badago.
  • Langileen jabetzapeko enpresak produktiboagoak, sortzaileagoak, berritzaileagoak eta lehiakorragoak direnez, eragin positiboa dute beren lurraldean, eta aberastasun ekonomiko handiagoa sortzen dute (Kruse et al., 2010).
  • Langile gehienek enpresaren emaitzetan eta jabetzan parte hartzen duten enpresetan, bidezkoagoa izaten da errentaren banaketa.
  • Kapital sozial handiagoa sortzen da langileak partaide diren enpresetan (Putman, 1993).

Enpresan parte hartzeak langileei dakarzkien onurak

Zer eskaintzen dio parte hartzeak enpresari? Berehala ikusiko dugunez, onura ugari!

Onura ekonomikoak eta psikosozialak dakarzkie langileei enpresan parte hartzeak. Hauek dira aipagarrienak:

  • Langileak partaide dituzten enpresek emaitza hobeak izaten dituzte lantegi konbentzionalek baino, langileen errenta eta aberastasun mailari dagokionez.
  • Langileen parte hartzeak enpleguaren segurtasuna sustatzen du; izan ere, arazoak dituzten enpresetan biziraupenerako aukera bat izan daiteke langileen jabetza.
  • Langileek enpresako partaide izateak emaitza positiboak dakarzkie langileei enpresetan funtsezkoak diren zenbait alderdi psikosoziali dagokienez ere (lanarekiko gogobetetze maila, kapitalean parte hartzearekiko gogobetetze maila, konfiantza, konpromisoa, enpresarekiko identifikazioa, motibazioa, lankidetza eta elkarlanarekiko pertzepzioa, erabakietan parte hartzea eta kudeaketa estiloa).
  • Langileak enpresako partaide izateak eta, honenbestez, gusturago eta enpresarekiko atxikimendu handiagoz jarduteak, areagotu egin ditzake enpresa horren sormen eta berrikuntza ratioak.
  • langileek zenbat eta gusturago jardun beren lanpostuetan, zenbat eta emaitza handiagoak lortu enpresaren jabe izateagatik, orduan eta estuagoa izaten dela langileen enpresarekiko atxikimendua; horrez gain, bat egiten dute proiektuarekin, hobeto egiten dute lan, eta kalitate ratio hobeak lortzen.
  • Enpresaren erabakietan parte hartzeko aukerak garapen profesional eta pertsonal hobea eskaintzen die langileei.

Langileen parte hartzeak enpresei dakarzkien onurak

Langileak enpresaren partaide izateak onura ekonomikoak eta sozialak dakartza. Hona hemen parte hartzearen onurak, literaturak atzemandakoak:
  • Langileen parte hartzea duten enpresek (batez ere kapitalean parte hartzen badute) gutxienik enpresa konbentzionalek adinako emaitza ekonomikoak eta sozialak eskuratzen dituztela (Jones & Kato, 1995; Kruse et al., 2010; Long, 1978a, 1978b; Klein, 1987; Elorza, Aritzeta, & Ayestarán, 2011; Kurtulus & Kruse, 2017; Messersmith, Patel, Lepak & Gould-Williams., 2011).
  • Egoera jakin batzuetan, handiagoa da produktibitatea langileak partaide diren enpresetan (Arando, Gago, Jones, & Kato, 2015).
  • Lerrokatze handiagoa pertsonen eta erakundeen interesen artean
  • Txikiagoa izaten da langileen txandakatzea langileak partaide dituzten enpresetan eta, honenbestez, langilerik onenek, enpresari ekarpen handiena egiten diotenek, enpresatik ez alde egitea lortzen da, talentuari eusteko giro egokia eskaintzen baita.
  • Enpresa autonomoagoak, adimentsuagoak eta helduagoak dira langileak partaide dituztenak
  • Sormena eta berrikuntza sustatu ohi dituzte langileak partaide dituzten enpresek