Lan esparrua: partaidetza
Partehartze integrala
Prozesu integral gisa ekin behar zaio langileen parte hartzeari, eta pixkanaka egin behar da aurrera, antolakuntzaren kudeaketatik abiatu eta maila goragokoetara joz, hau da, enpresaren emaitzetan eta jabetzan ere parte hartuz (Garcia, 2006).
Langileek enpresaren kudeaketan eta erabakietan parte hartzeak berekin dakar haiek enpresa proiektuan, erabakietan eta enpresaren kontrol lanetan eta jardueretan esku hartzea.
Eurofound-en arabera (2013), kudeaketako parte hartzeak enpresaren hiru alor hauetan esku hartzea dakar: lanpostuan, erabaki operatiboetan eta erabaki estrategikoetan.
- Lanpostuari buruzko erabakietan parte hartzea. Parte hartze horri esker, langileak autonomia du bere eguneroko jarduna antolatzeko, eginkizunak lehenesteko eta bere lanpostuari dagozkion erabakiak hartzeko.
- Lanaren antolakuntzan parte hartzea. Parte hartzeko mota honek esan nahi du langileek beren sail, alor, negozio edo antolakuntza unitateetan parte hartzea. Helburuak, estrategiak, lanaren antolakuntza, egutegien antolakuntza, trebakuntza premiak eta abar zehazten parte hartzea.
- Enpresaren erabaki estrategikoetan eta erabakitze organoetan parte hartzea. Berekin dakar parte hartze mota honek enpresaren erabaki garrantzizkoenetan lengileek parte hartzea: inbertsioak, deslokalizazioak, langileen kaleratzeak eta kontratazio masiboak, plan estrategikoak eta abar. Kasu batzuetan, langileek enpresaren erabaki organoetan parte hartzen dute (administrazio kontseilua edo antzekoren bat); beste batzuetan, berriz, ez.
Kudeaketan parte hartzeak nolabaiteko aintzatespena ekarri behar du berekin, hau da, parte hartzea lortu den horretan, soldataren, emaitzen edo beste aldagai ekonomikoren baten bidez (Baniandrés y Larrinaga, 2013).
Emaitzetako parte hartzea zentzuzkoa eta eraginkorra bihurtzen da baldin eta beste aldaketa batzuk egiten badira enpresaren eguneroko jardueran kudeaketa guztiz gardena izateko eta, horrenbestez, langileek bat egiteko enpresaren erronkekin eta konfiantza giroa sortzeko. Emaitzetan parte hartzeak adierazten du langile guztien ahaleginari esker lortu direla emaitzak, eta horien banaketak (% jakin bat) koherentzia ematen dio “kudeaketaren ekosistema” berriari.
Langileek enpresaren jabetzarekin akziodun edo bazkide kooperatibista gisa duten harremanari dagokio parte hartzeko mota hau. Jabetzan parte hartzen dutenek, berriz, jabekideen eskubide eta betekizun berak dituzte enpresaren gobernuari, kudeaketari eta emaitzen banaketari dagokienez (Bernstein, 1980; Dahl, 1985; Ellerman, 1992; Kruse, 2002; Mason, 1982; Pateman, 1995; Pérez de Mendiguren, Etxezarreta, & Guridi, 2009).
Jabetzako parte hartzeak ez dauka nortasun juridiko zehatzik.
Gizarteak eskatzen du langileek protagonismo handiagoa izatea enpresen etorkizunean, haiek erabakitzea enpresen geroa. Daitekeena da eraldaketa aldaketa eragiten duen tresna bihurtzea: enpresa kudeatzeko aukera eskaintzen die langileei, demokratikoki antolatzekoa, eta, batez ere, protagonista izateko aukera ematen die langileei, hots, erabakietan beren iritzia kontuan hartua izatekoa (Legarra, Arando & Gago., 2013).